Tokiko Agenda 21
Zer da TA21?
Agenda 21 edo Programa 21 kontzeptua 1992an Brasilgo Río de Janeiro hirian Nazio Batuen Erakundeak antolatu zuen Ingurumena eta Garapena izeneko goi-bileran (Lurraren Gailurra izenez ere ezaguna) sortu zen. Konferentzia honetan Agenda 21 onartu zen, garapen iraunkorra lortzeko bidean lan egiteko mundu mailako ekintza plan baten funtzioa betetzeko sortua. Beraz, garapen iraunkorraren alde lan egiteko tresna da, Lurra planetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea helburu duena, bizi garen ingurune fisikoa errespetatuz eta babestuz, eta gizarte eta ekonomia garapen arteko oreka bilatuz.
Río de Janeiroko goi-bileran lortu zen akordiotik abiatuz, Agenda 21ari dagozkion hainbat arazo eta irtenbide tokiko jarduerekin lotuta daudenez, tokiko erakundeen parte hartzea eta lankidetza erabakigarriak dira Agenda 21en helburuak lortzeari dagokionez. Horregatik, mundu mailako tokiko hainbat erakunde udalerri mailan ere Agenda 21 programa tresna moduan erabiltzen hasi ziren. Era honetan, munduko zenbait herri eta hirietako agintariek udalerri mailatik garapen iraunkorraren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuten, horretarako Aalborg-eko Gutuna deritzona sinatuz. Gutun hori 1994 urtean Danimarkako Aalborg izeneko hirian garapen iraunkorraren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuten herri eta hirietako agintariek sinaturiko gutuna da.
Beraz, aipatu bezala, Tokiko Agenda 21 udalerri mailan garapen iraunkorraren bidean urratsak emateko tresna da, iraunkortasunaren bidean lan egiteko aurrera eramaten diren tokian tokiko ekintzek mundu mailan eragina dutelako, Río de Janeiroko goi-bileran aipatu zen bezala.
Beraz, Agenda 21ek eskaintzen duen metodologia erabiliz, gure udalerriko bizi kalitatea hobetzen lagun dezakegu eta aldi berean, halako ekintzek ere mundu mailan eragin zuzena izango dute, Lurra planeta osasuntsuago bat eta ekonomia eta gizarte mailan orekatuago bat eraikiz.
GARAPEN IRAUNKORRA
Garapen Iraunkorra kontzeptua dokumentu ofizial batean lehen aldiz Gure etorkizun komuna izenekoan agertu zen. 1987 urtean landutako dokumentu hau, Brundtland txostena izenez ere ezagutzen da. (Dokumentu hau Norvegiako lehen ministro izan zen Gro Harlem Brundtlandek landu zuen, Nazio Batuek eskatuta). Bertan, honela definitu zen Garapen Iraunkorra:
"...etorkizuneko belaunaldiek beren premiak asetzeko izango duten ahalmena arriskuan jarri gabe egungo premiak asetzen dituen garapena".
Hala eta guztiz ere, kontzeptua, Rio de Janeiroko goi-bileran (Nazio Batuen Ingurumenari eta Garapenari buruzko konferentzia, Rio de Janeiro, Brasil, 1992ko ekaina), onartu zen planetaren ingurumenaren etorkizuna definitzeko giltzarri gisa. Goi-bilera horretan, gaur egun ingurumenaren arloko edozein estrategia definitzeko oinarrizkotzat jotzen diren hainbat dokumentu sinatu zituzten 179 estatuk:
· Ingurumenari eta Garapenari buruzko Rioko deklarazioa
· Agenda 21
· Biodibertsitateari buruzko Hitzarmena
· Klima Aldaketari buruzko Hitzarmena
Rio de Janeiroko aitorpenak, hiru dimentsioko oinarria jarri zion garapen jasangarriari; ekonomia, gizartea eta ingurumena barne hartzen dituen garapen eredu berria da. Zutabe horiek dira sustatu behar dugun etorkizuneko garapen eredu.
Beraz, honek guztiak, ondorengo erronka planteatzen du: kontua ez da garapen iraunkorraren alderdi bakoitzeko politikak eta programak zehaztea; baizik, hiru alderdi horiek integratzea, hau da, ingurumenean ondorioak izango dituzten planteatu ere egiten ez duen politika ekonomikorik egin ez dadin; eta gauza bera ingurumen programei dagokienez ere; alegia, ez dadila garapen ekonomikoa eta gizartearen ongizartea bermatuko ez duen ingurumen programarik egin.
PDF - 36.1 KbBrundtland Txostena Deskargatu
PDF - 31.8 KbRioko Aitorpena Deskargatu
PDF - 56.4 KbAalborgeko Gutuna Deskargatu
PDF - 105.7 KbAalborgeko Konpromisoak Deskargatu